Ongi etorri "HIRU"-ra, bakarlari gisa ondu dudan hirugarren diskora. Urrats handia da HIRU nire ibilbidean: kontrabaxu jotzaile bezala neure ahotsa aurkitzeko lehen saioak egin ditudan aurreneko grabazioa dut. Bestalde, euskal musika estiloan oinarritutako inprobisazioaren inguruan egin dudan ikerlanari buruzko lehenengo idazlana dut.
Inprobisazio lanak egiteko, euskal musikaren hiru alderdi hartzen ditut ardatz:
Grabazio honetan musikari aparta baten laguntza handia izan dut, Juan Ortiz pianistarena, hasiera-hasieratik zeharo erakarri baitzuen aipatu sustraietan oinarritutako musika egiteko ideiak. Prozesuak gogoeta egin beharra eta halako muga batzuk finkatu beharra ekarri ditu inprobisazio lanak egiteko orduan, jazzaren eta Euskal Herriko musikari berezkoak zaizkion baliabideen artean oreka egonkorra eta zintzoa bilatzeko ahaleginak egin baititugu.
Sustraietan oinarritutako bat-batekotasunaren ikuspegi horren aldekoa naiz ni, eta hemendik animatzen ditut euskal musikariak ikerlanak egitera alor horretan. Horrexegatik azalduko dut jarraian bakarkako pasarteak apailatzeko dudan modua. Lehen urratsa da, eta agian aukera aparta adierazi beharrekoak nire sustraiak galdu gabe beste edozein musika testuingurutan adierazteko eta, horrenbestez, beste musikei ere neure ekarpena egiteko.
1 – Mendian Gora (Xabier Amuriza, Imanol Larzabal)
Gai zoragarri hau nola jo aztertzen nuela, buelta asko eman behar izan nituen harmonian egin nitzakeen aldaketen inguruan, azkenean ia bere horretan den bezala uzteko. Espazioak biltzen dituen diskoa da honakoa, entzuleekin bat egiteko ezinbesteko biluztasuna agerian, biluztasun horretatik abiatuta adierazi beharrekoak zintzoki adierazteko.
3:30. Xenpelarren "Ihesa zilegi balitz" abestiaren (Mikel Laboaren bidez ezagutu nuen nik) doinuan oinarrituta ekiten diot bakarkako pasarteari.
3:54. Aurrera jarraitzen dut bakarkako pasartean, oraingo honetan Ezpata Dantzaren erritmoetatik abiaturik. Disko honetan hainbat dira dantza horri egiten dizkiodan aipamenak, izan ere, neure sorterriko (Barakaldo) Anai Artea eta Ibarrakaldu dantza taldeetan izan nintzen dantzari.
4:06. Atzera egiten dut Xenpelarren doinura, bakarkako pasarteari itxiera emanez.
4:30. Mendian Gora abestiaren doinuaren aurreneko bitartean oinarrituta ekiten diot esaldi bati, doinutzat hartzen dut eta, musika-tresnaren erregistroan gora egin ahala, aldaketa batzuk sartzen ditut.
5:25. Hemen Zortzikoaren erritmoan egin ditut inprobisazio lanak. Gaiaren erritmo hirutarraren moldaketa bat (modulazio metrikoa) egiten dut. Zortzikoa ez dut 5/8an (partituran idatzi ohi denez) jotzen, dantzaren "doinura" baizik. Azken batean Zortzikoa jotzeko modua dut, ezbairik gabe gaztetandik ikasitako dantzek eta doinuek eraginda. Honenbestez, era organiko batez moldatzen dut erritmoa konpasera.
5:39. Amaiera ematen diot bakarkako pasarteari doinuarekin (nik baino lehen Juanek egin duen bezalaxe).
2 – Nere Izarra (Iparragirre)
Doinu alai batez jotzen dugu Iparragirreren zortzikoa. Berriz ere dantzak guztiz eraginda dago nire jotzeko era. Hortaz, ez dugu konpas jakin bat hartu gogoan (ez da 5/8koa, ez 4/4koa, ez 3/4koa). Juanek zortzikoari berezkoak zaizkion erritmoetan jotzen laguntzen dit hasieran, baina gero, bere bakarkako pasartean, askatu egiten da eredu horietatik. Nik, nire aldetik, eutsi egiten diet erritmo horiei eta zortzikoaren doinuari.
Nire bakarkako pasartean ongi asko antzematen da erritmo horri berezkoa zaion azentuazioa. Berriz ere, doinuarekin ematen diot amaiera bakarkako pasarteari.
3 – Makil Dantza (euskal dantza)
Irrikatan nengoen dantza hau abiapuntutzat hartuta Juanekin batera grabatzeko. Dantzari izan nintzen garaitik ongien gogoratzen ditudan dantzetatik bat da. Kontrabaxuarekin egiten dudan sarrera modu askean interpretatutako doinua du oinarri. Jarraian pianoaren bakarkako pasarte bat dator, kontrabaxuan kontrapuntu handia eginez. Asmoa da biok dantza horren doinuarekin eta erritmoekin jostatzea, gaiaren itzuli bakoitzean azken esaldia gogorarazita.
2:00 minutuan, Juanek doinua jotzen du nik dantzari berezkoak zizkion kolpeekin, makilekin egiten direnekin, laguntzen diodan bitartean. Grabazioa entzunda ohartzen naiz batzuetan makilen soinua entzuten dudala kontrabaxuan bi hari batera jotzen ditudanean eta, nota afinatua ez baizik eta makilaren "kolpearen" sentsazioa bilatzen dudanean (makilatzat hartzen dut kontrabaxua).
4 – Liliak Ihes
Honakoa da, orain arte, neuk landutako Zortziko bakarra. Nire lagun handi eta antzezlari aparta Josean Bengoetxearen obra da lirismoz beteriko letra zoragarria. Nere Izarra gaian bezala, kontrabaxuaren ostinatoak lagundu egiten dio Juanen bakarkako pasarte oso adierazkorrari. Kontrabaxuaren bakarkako pasarte laburrak gaiaren B aldeari egiten dio bide, jazzaren estandarrek eragindako egiturari eutsirik.
5 – Nire Lehen Bertsoa
Artean letrarik ez badu ere, nire lehen bertsoa da izenburuak berak salatzen duen bezala. Zortziko Handia deritzon bertso moldearena da egitura, hemezortzi silabako zortzi puntuz (esaldiak) osatuta baitago.
"Bentara noa" kantaren doinu tradizionala jotzen hasten naiz nire bakarkako pasartea (2:21), gaiaren metrikarekin bat eginez (bat etortze horretaz gerora ohartu naiz, eta beraz, planifikatu gabeko berezko inspirazio zorionekoa gertatu da). Doinua aldatu egiten dut gaiaren harmoniara egokitzeko (2: 38). 2:44 minutuan zortzikoaren erritmoaren inguruko inprobisazio batzuk egiten ditut, 2:55 minutuan jatorrizko metrikara itzultzeko.
6 – Betroiarenak (9 puntuko bertsoa)
9 puntuko bertso ezaguna da honakoa. Kontrabaxuarekin sarrera librea egiten dut, jarraian bertso horren doinua erdizka antzemateko (0: 18). 0:50 minutuan berriz ere hautematen da dantzaren eragina, Banako (Dantzari dantza osatzen duten dantzetako bat) dantzaren doinuaren zati bat jotzen baitut. Bertso ezagunaren doinuarekin ematen diot amaiera sarrerari.
9 puntuko bertsoak herri kanta askoren AABA egitura tipikoarekin ezin hobe uztartzen direla ohartu nintzen. Rhythm Changes deritzona da jazzaren munduan AABA egitura ezaguna, George Gershwinen oso abesti ezagun batean du oinarria. Rhythm changes direlakoen egitura eta harmonia baliatzen ditugu gai hau jotzeko eta inprobisazioak egiteko. Antz handia du ideia horrek Makil Dantza gaiaren aurreko gure bertsioarekin: doinuarekin jostatzen gara eta inprobisazioak egiten ditugu haren gainean. Amaiera partean (3:42) doinuaren azken konpasak jotzen ditu Juanek, eta nik bat egiten dut harekin.
7 – Urxapal Bat (Etxahun)
Ximun Haranek Iparraldean egin zituen grabazioak entzun nituenean guztiz harrituta geratu nintzen. Zehazki gai hau barru-barrura iritsi zitzaidan. Oso deigarriak egin zitzaizkidan Lohidoyren kantatzeko sakontasuna, haren ahotsaren artikulazioa eta ahapaldien artean uzten dituen hutsuneak.
Kontuan harturik Iparraldeko abeslarien afinazio ez tenperatua, edozein frekuentziatan afinatzeko aukera ematen duen 80. urteetako teklatuarekin grabatzeko proposamena egin zidan Juanek, teklatu horren soinu organikoa ezin hobe egokitzen baitzitzaion ahotsaren grabazioari. Behin teklatua grabatu eta gero (diskoan soilik gai hau grabatu genuen bi zati berezitutan), zer ekarpen egin nezakeen jakin gabe geratu nintzen. Kontrabaxuarekin ez grabatzekotan egon nintzen, baina lagunek bultzatuta horretan jarri nintzen. Ron Carterren baliabide berezi bati heldu niola aitortu behar dut, hots, glissandoak erabili nituen eta tarte handiak utzi nituen.
Herren geratuko ginateke hemen artearen inguruko gogoeta aldi honek ekarri dituen ondorioak (tartean disko hau bera) azalduko ez bagenitu. Jarraian azalduko ditut, xumeki baina aldi berean itxaropentsu eta erabat konbentzituta, euskal artista gisa inprobisazioari ekiteko neure
manifestu batean laburbiltzen ditudan ideiak, bere sustraiez jabetzen den edozein musikariri helarazi nahi dizkiodanak: